Bai. Folkloraren iraultza ttipia duzu liburu erren hau. Zer den benetako folklorekeria Dagoeneko ez da erraza bereizten, baina, liburu hau horren saiakera duzu. Behin hala leitu omen zion Patzikuk Antonio Machado poeta haundiari: «en nuestra literatura, todo lo que no es folklore, es pedantería». Amodio librea Parisen aurkitu zuten gure abertzale gazteek, ordea, jelkide zaharrei leporatzen zien bekatua: folklorekeria eta pedantekeria hutsa zela haieena. Orain dela gutxi berriz, hala zioen Erlea aldizkarian Joseba Tapia trikitrilariak: «Zinezko folka, folklorizatu gabeko folka, egiten zuten gure aurrekoek, larre motxeko haiek. Orain, nola esan… merkatuak, abertzaletasunak, etnosalmentak asimilatu egin dute trikitixa, erdaldunek asmaturiko “triki-” hitz berriari zernahi erantsi eta herrigintzan gabiltzalakoan». Tapiak trikitixaz esaten duenak, ez dakit erremediorik baduen denerako, baina, egia fin samar esateak, gutxi gehiago, min ematen baitu beti, eta minak nola edo hala erremedioa bilatzen. Bai, liburu honetxetan dituzu Patzikuren azken min klase askoren urrezko izpi batzuk. Murgil hondarpean eta goza, Pello Lizarraldek behiala esana gogoan: «Herri ttipien galeran, nostalgia izugarri gailendu baita, eta zinezko soluziorik ez da ematen ezertan. Dena modu sinbolikoan, folklorikoan…».