Lehenengo edizioei buruz prentsan agertutako kritiken zatiak: «Orhipean edertzat jo ahal izateko arrazoi asko dago: Liburua bera, edizio tajutu bateko objetu zaindu;bertako 30 gaiak, Euskal Herriko tradizioa, historia eta, oro har, kultura biltzen dituena emari xume bezain ondo neurtuetan;testuon antolamendua, gaien alderdi garrantzitsuenak bilduz baina gaia jorratu nahi alferrean luzamenduetan galdu gabe… … Lan hau, beraz, euskal kulturaren dibulgazio emari bat da, modu eder, zaindu, bizi eta, batez ere, maitakorrez emana.» Anjel Lertxundi (Diario Vasco, 1992-IV-25) «Euskara ikasteko ere aparta da: esaera zaharrez josia dago liburua, kanta zaharrak ere baditu, euskalki desberdinetako hitzak eta esaldiak ageri dira eta abar. Pekatua da liburu hau ez irakurtzea.» Jon Zabalegi (Habe, 1992-VI) «Baina aurrerantzean, badugu lanabes ezin egokiago bat, eginkizun honetan lagungarri gerta dakigukeena: Juan Carlos Etxegoienen Orhipean, izanez ere bere marrazkiak, laburpenak, aipamenak eta abarrak baliagarriak baitzaizkigu gure iragana ezagutzeko eta oroimena berritzeko.» Patxi Zubizarreta (Egin, 1993-III-21) «Ohitura zaharrekin batera, horiei lotutako ahozko literaturaren aipaldi sarriek are atseginago egiten dute irakurketa, zinezkoago euskaldunen gorputz eta arimaren interpretazioa. Oparitzeko moduko liburua duzu hau, irakurle, eta nori oparitu ez baduzu, zeure buruari ematea opa dizut.» Xabier Mendiguren (Argia, 1992-IV-12) «Barnean dela hoberena, hori salatua dute alabaina azaleko jauntzi horiek guziek. Eta barneko horrek guziak du hain zuzen irakurlea bereganatzen eta iresten. … euskal etxe guzietan behar dugun liburu batez.» Emile Larre (Herria, 1992-V-21) «Zerbait esaten hasi aurretik, hemen doakizue lehen lorea, liburua ez baduzu eros zazu eta lehen bait lehen gainera. Ez zara damutuko. … Orhipean liburu bikaina duzu, gauden egoera, dena galtzen ari garen garaian, ezinbestekotzat jotzen dugu liburu hau ezagutaraztea.» Andres Osa, Sakona (Deia, 1994-XII-25)