«Ingalaterra» hoteleko atarian taxiaren zain. Nire ondoan, hirukote bat: amatxi-ilobak zitezkeenak;neskatiletatik bata hamar-hamaika urtekoa, bestea, umeago, agian zazpi edo zortzikoa. Aireportutik heldua, autobus bat gelditu zen doi gure aitzinean;beretik, batak bestea bultza, trufa eta irriz, ingelesaz mintzo ziren larru zuridun mutil gazteak hasi ziren jaisten, hamasei urtekoak, nonbait. Motxiletan kanadar banderatxoa. Segur, azterketak amaituz geroko bidaian. Hamaika urteko neskatilak belarrira zerbait galde egin zion amatxiri. Bada, ez nuen galdera entzun, bai ordea, erantzuna: Amodioa egitera etortzen dira, bihotza!