Egun arrunt bat izan zitekeena abentura zirraragarri bihurtuko da Jirafa eta Krokodiloren familiarentzat. Soka misteriotsu batek egundoko sorpresarekin amaituko den bidaiaren ibilbidea marraztuko du. Daniela Kuloten liburu honen izenburuak jada iragartzen digu lehen orrialdetik irakurleen jakin-mina piztuko duen amaiera, enigma bat proposatzen baita, itxuraz etxeko txikienen konplizitatearekin. Krokira eta Raffoloren parte-hartzeak islatzen du afektuek eta emozioek opari materialen gainetik dauden familia honetan haurrek duten protagonismoa. Ibaia zeharkatuta, mendian gora, hiriko teilatuen gainetik hegan eta bere kaleetan barrena, txangoarekin bat egingo duten zenbait lagun agurtzeaz gain -ahatea, muxarra, zozoa-, esperientzia berriak biziko dituzte eta txikiek helduen laguntza beharko dute zenbait trebezia praktikatzerakoan. Euskarara itzulitako «Krokodilo txikia maitemindu da» eta «Krokodilo txikia, jirafa altua eta neurri kontuak» lanen ondotik, bildumaren jarraipenak tolerantziaren eta aniztasunarekiko errespetuari buruzko istorioak ekartzen jarraitzen du, animalia gizatiartu kutun eta dibertigarrien bidez. Proposamen estetikoari dagokionez, irudi koloretsuak eta pertsonaien adierazkortasuna nagusi izaten jarraitzen dute. Horretaz gain, lehenengo orrialdetik perspektiba zabalak eskaintzen dira, eta horrek errelatoaren dinamismoa indartzen duten aldibereko ekintzen errepresentazioa ahalbidetzen du.