"2001eko igande anonimoa. Amaitzear da mundu analogikoa. Galdua du borroka. Gazteetako batek dantzan jarraitzen du, Imanol Salvador "Ima Intermusic"ek gau horretan Pagoa klubean jarri duen azken diskoa gogoan. Ezin kabiturik. Zoroen pare egiten du dantza. Lehen orduko eguzki izpiekin batera mugitzen du gorputza. Arritmikoki. Gazteak oraindik ez daki Richie Hawtinen Minus-"Orange1" dela, burmuineko arrakaletan gora, barrenak aldrebestu dizkion kanta". Liburu honek 14 protagonistaren testigantzak biltzen ditu. Musika elektroniko bazterreko eta autentikoenak gure herrian zer bide egin zuen ulertu edo ezagutu nahi duenarentzat, ezinbestekoa.